Amaiera. G.M.H.Z. Grabatua eta Estanpazio Teknikak

Argitalpen askotan ohikoa izaten da azken ohar bat jartzea, adeitasunez eta dotorezia handiz hainbat datu aipatzeko, besteak beste, parte hartu duten pertsonen izenak eta haien lanbideak, lanaren ezaugarri teknikoak, bukaera eguna, justifikazioa, ale kopurua eta multzoarekiko erlazioa.

Erakusketa honetan Iruñeko Arte Eskolako Grabatu eta Estanpazio Tekniken bi promozioetako ikasleek ikasturte amaieran egin dituzten proiektuak jarri ditugu ikusgai. Proiektuak ikasle horien bizitzako aro baten amaiera dira, arte grafikoek hausnarketa eta zirrarak adierazteko eta jendearengana iristeko duten gaitasun horretan sartu, murgildu, ikertu eta arakatzeko aukera eman dien bidaiaren azken geltokia.

Azken ohar hau lan grafikoko sortzaile berrien eta teknikarien jarduna sustatzeko hitzaurre eta ziria da, grafikaren mundu liluragarrian adierazpen artistikoaren bilaketa eta ikerketaren lanbide zirraragarri horretan esperientzia berriak sortarazteko saioa, alegia. Zirraragarria baina baita grina gaiztoa ere, lanbide zoragarri horrek erabat mendean hartzen baitzaitu: azido, agoarras eta tinta usaina nonahi, eskuak beti zikin eta inprimatze lana garbi, tailerreko lan gogorra eta ongi egindako lanak bukatzean ematen duen poza.

Lan grafiko originalean jardun nahi duen artistak maitasuna sentitu eta sufritu behar du –artea bezala maitasuna halabeharra baita-, zirrara sentitu eta tailerreko txokotik borrokatu; esateko zerbait izan eta diziplina handia eskatzen duten teknika korapilatsuak erabiliz nahi bezala esatea lortu, original multipleak guztiok asebete gaitzan.

Lan grafiko originala miresten dugunoi hunkigarria egiten zaigu artista gazte horien lana; teknika grafikoen adierazpen aukera guztiak ikertu dituzte hainbat bitarteko erabilita eta hainbat esparru hartuta: estanpa, liburuen ilustrazioa, liburua, grafikako esku hartzea, hau da, egungo artea egiten ari dira, egungo kultura sortzen.

Josan López de Pariza

 

 

 

 
Lizarrako Udaletxea  2001eko urriaren 23tik azaroaren 13ra