| Eduardo Chillida . Lan Grafikoak
Iruñeako Moisés Pérez de Albeniz galeriak Eduardo Chillidaren lanak aurkeztu ditu OKUPGRAF 2001 arte grafikoen bigarren topaketa hauetan. Eskulturak eman dio ospea eta izena mundu zabalean, baina arte munduan lehen pausoak ematen hasi zenetik eskulturaz gain grafikaren alorrean ere makina bat lan egindakoa da Chillida, Madrileko Clan galerian egin zuen bakarkako lehen erakusketa gogoratu besterik ez dugu. Lan grafikoa eta eskultura osagarriak eta independenteak dira aldi berean, espazioaren eta formaren ikerketan materiaren ezaugarrietara hurbildu eta ezaugarri horiek aztertzeko jarrera beraren ondorio baitira, azken finean. Elkarren artean ez dago menpekotasun harremanik. Eduardo Chillidarentzat grabatua gogoeta lana egitea da, zehazki, hiru dimentsiotako piezen espazioan pentsamendua lantzea. Hori dela eta, ukitu berezi hori ematen dio grafismoari bere lan grafikoetan, erritmo pertsonal hori lortzen du, tentsio eta indarren arteko hartu-eman bitxia sortzen daki... Bila ari da, bizitzaren legeei buruzko galderen erantzunaren bila. |
|
| Moisés Pérez de Albéniz Galeria. Iruña. 2001eko azaroaren 8tik 2002ko urtarrilaren 5era |