GASTRONOMIA PASADIZOAK I  PORTAERA ITSUSIAK MAHAIAN

"Okupgraf 2001" dela-eta antolatu diren ekimenak proposatzerako orduan, benetan interesgarri iritzi genion ahalik eta pertsona kopuru gehien bilduko lukeen proposamen bat lantzeari; artista eta ez artistak, erlojugile eta takigrafoak, erretiratu eta erdi pentsiodunak,... guztiek joko batean parte hartzea nahi genuen, artea deitzen dugun horrekin maiz lotzen ditugun handitasun eta aurreiritzietako batzuk uxatzeko.

Bestalde, ez genuen ahaztu nahi izan irudiak inprimatzeko erabiltzen den biderik ezagun eta arruntena: argazkigintza. Horrela, eta arrazoiak ez galdetu, fotomatoiaz gogoratu ginen.

Okupgrafetik, nahi zutenek gai zehatz baten inguruan ateratako fotomatoiko zerrendak bidaltzeko deialdi ahalik eta zabalena egin genuen. Irudiek nolabait agertu beharreko gaia zera zen, "Portaera itsusiak mahaian", datozen urteetan "Gastronomia pasadizoak" izenburu orokorraren pean garatu nahi dugun proiektuaren lehen zatia, hain zuzen.

Erakusketaren garaian fotomatoi kabina bat izango da aretoan, behin erakusketa abian jarri ondoren ere ekarpen berriak jaso ahal izateko.

 

 

 

  

UDAL ARETOA. PASAI SAN PEDRO (Gipuzkoa)    2001eko urriaren 26tik azaroaren 11ra